Ipolagunen misioa
Ipoderac-ekin elkarlanean aritu giza baliabide eta baliabide ekonomikoak ahalbidetuz, gure ingurunea sentsibilizatuz eta erreferentzia talde bezala sendotuz, guztion artean etorkizun hobea eraiki ahal izateko.
Ipolagun eta Ipoderac-en eginkizuna
Ipolagun, 2003. urtean sortu genuen Ipoderac-i baliabideak ahalbidetzeko. Dakizun bezala, Ipoderac-ek kalean lan edota bizi izan diren haur eta gazteekin egiten du lan. Bertan, haur eta gazte hauek modu duin batez aurrera egiteko laguntza jasotzen dute maitasuna, heziketa, elikagaia eta etxeaz gain.
Guzti honetarako, Ipoderac-ek giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak behar ditu. Honegatik sortu genuen Ipolagun erakundea, Iporen lagunak esan nahi duena. Ipo, Ipoderac-en bizi diren txabo, langile eta boluntarioek Ipoderac izendatzeko erabiltzen dugun modu maitakorra da. Gosbernu mexikarrak horrelako erakundeei ematen dizkien laguntza urriak direla eta, Ipoderac-en izandako hainbat boluntario elkartu eta gure helburu eta hiru lan esparruak definitu eta lanean hasi ginen.
Ipolagunek duen helbururik nagusiena, Ipoderac-ek aurrera atera behar dituen zenbait proiektuentzako eta bertako gazteek ikasketekin jarraitu ahal izateko baliabide ekonomikoak ahalbidetzea da. Horretarako, esku hartu nahi duen edozeinek parte hartu ahal izango duen Beka Sistema bat sortu dugu.
Bestalde, Boluntario Zerbitzu bat koordinatzen dugu. Zerbitzu honen bidez, Ipolagunek Ipoderac eta bertara joan nahi duen boluntarioaren arteko komunikazioa lortzen du. Honela, gure inguruneko gazte eta helduei Ipoderac-eko haur eta gazteekin egunerokotasunean bizitzeko aukera paregabea ematen zaie, euren bizipenak konpartituz etxeko lanetan, eskolako lanetan eta Ipoderac-ek aurrera eramaten dituen proiektu ezberdinetan. Oso esperientzia aberatsa da eta Ipolagunetik, boluntarioekin Ipoderac-era joan aurretik eta joan ondoren hitz egiten dugu, bertako egonaldiari jarraipena eginez.
Azkenik, Sentsibilizazio Programa bat ere badugu eta honen bidez, hurbilen dugun gizarteak Mexikoko errealitatea ezagutu dezan nahi dugu. Hori dela eta, eskolan lantzeko zenbait materiale didaktiko egin ditugu (Ipolan koadernoak), Deustuko unibertsitatean izan diren hitzaldi batzuetan parte hartu dugu eta Ipoderac-en egunerokotasuna azaltzen duen erakusketa ibiltaria egin dugu.
Sentsibilizazio alorraren baitan ere, Iporen Hotsa deitzen den gure hiruhilabetekaria nabarmendu nahi dugu. Aldizkari hau, Ipolaguni modu batez edo bestez laguntzen dion edonori bidaltzen diogu eta berari esker, Ipoderac, txaboak, Mexiko eta beste gai batzuen berri ematen zaie irakurleei.
Hortaz, Ipolagunen helbururik nagusiena, gure gizartea munduan dauden ezberdintasunez ohartaraztea da, Ipoderac-i ahal dugunarekin laguntzen diogun bitartean, bai hezkuntza proiektuak finantzatuz, bai txaboei ikasketa bekak emanez eta baita boluntarioak bideratuz ere. Guzti hau, Ipoderac-eko haur eta gazteek esperantzaz beteriko etorkizun duin eta zoriontsu bat izan dezaten.





